2014/01/30

Jolasa vs kirola

Berrian ateratako artikulu interesgarria.



http://paperekoa.berria.info/harian/2014-01-30/020/001/Jolasa_vs_jokoa.htm



2014-01-30
KIROLA. UMEEN KIROLA

Lehiaren joko zelaian

Heziketarako baliagarri dela zalantzarik ez dago, baina lehia kutsu nabarmena hartu dute umeen kirol partidek. Jolas bidezko heziketa denak joko bidezko desafio usaina du. Tentsioa nabari da zelaian, taldeetan, ikusleetan. Istiluak ere badira.
GARIKOITZ GOIKOETXEA
Larunbata da, goiza. Dozena pare bat mutiko futbol zelaian, hara eta hona. Bada istilua eta zalaparta. «Gogorrago!». Eta umea aitari begira. «Hor eutsi, hor!». Eta begirada itzuli du aurkariarengana. Tentsioa. Jolas gutxi. Jokoan asko, itxuraz. Serio. «Eta aspertu egiten dira. Tentsioz egoten dira, eta beldurtuta». Haurren kirola hartzen ari den jokamoldearekin kezkatuta mintzo da Manu Urbieta irakasle eta entrenatzailea. Milaka neska-mutiko biltzen ditu kirolak astebururo, baina ez da beti hartzen heziketarako bide gisara. «Errendimendua bilatzen da azkar». Lehia. Tentsioa. Eta liskarrak ere sortzen dira batzuetan.

Egitura sendoa du umeen kirol sistemak dagoeneko. Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik, 55.000 ume inguru daude izena emanda horrelako jardunetan. Mutilak dira hamarretik sei; neskak, lau. Goiko mailetan baino askoz handiagoa da haien parte hartzea. Taldeko kirolek dute indar handiena, batez ere futbolak. Atzetik ditu saskibaloiaren eta eskubaloiaren gisako kirolak.

Neska-mutikoak 8 urte betetzean has litezke eskolako kirol saioetan. Goizegi, Urbietaren iritzian. «Haurrak ibilbide bat du: psikomotrizitatea landu behar du haur hezkuntzan, eta lehen hezkuntzan, gorputza ezagutu». Prozesu hori amaitu aurretik hasten dira jokatzen. «8 urteko ume bati, gorputza ezagutu aurretik, objektuak jartzen dizkiogu: baloia, aurkariak, ikusleak... Haurtzaroko etapa horiek jaten ari gara».

Heziketaren ikuspegitik kirola egitea onuragarria dela zalantzarik ez dago. «Heziketa osoa lortzeko zati gisa hartzen dugu: ohitura osasuntsuak hartzea, talde lana, integrazioa...». Eneko Urkiola Donostiako Jakintza ikastolako eskola kiroleko arduradunak uste du parte hartzea oinarrizkoa dela.

Haurren kirolari lotuta, bi kontzeptu darabiltzate ahotan, nahiz eta maiz gauza bera balira bezala hartzen diren. Eskola kirola dago batetik, ikastetxearen inguruan biltzen den jarduna. Kirol eskolada bestea, kirol elkarteek bultzatuta, propio kirol jakin bat egitera joaten direna. Kirol profesionalaren altzoan, kluben itzalarekin ari dira garatzen eskola horiek, eta erakargarri dira haurrentzat. Eta aita-ama askorentzat ere bai.

Oinarrizko helburuak

Haurren kirolak zer helburu ote duen, hor dago, finean, eztabaida. Erakundeetako ordezkariek diote heziketaren ikuspegitik bultzatzen dutela kirola. «Zaletasuna eta parte hartzea bultzatzea dira helburuak. Horregatik, adin batera arte, kirol ezberdinak egitea sustatu behar da», adierazi du Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak. «Kirol bat baino gehiago egitea da asmoa, probatzea. Ez partida irabaztea».

Jaurlaritzak ezartzen ditu arau batzuk, baina haurren kirolaren ardura nagusia foru aldundiena da. Heziketaren ikuspegitik bakarrik ez, umeen artean kirola sustatzea osasunaren aldetik ere oso garrantzitsua dela nabarmendu du Bizkaiko Kirol zuzendari Maitane Leizaolak: «Adin horiek oso egokiak dira gogoa hartzeko, kirola egiteko ohitura hartzeko. Ondoren askoz ere zailagoa da ohitura horiek hartzea». Heziketaren osagarri ikusten du kirola egitea.

Beste helburu batzuk ere badira tartean. Beste filosofia bat. Kirol klubek, esate baterako, harrobia lortzea ere badute helburu heziketarekin batera. Donostiako Antiguoko kirol elkarteko presidente Edorta Salegik nabarmendu du «helburu hezitzailea» dutela haurrekin egiten duten lanak. «Baina, horren barruan, saiatzen gara onenak izaten». Azaldu du zabalik dituztela ateak, eta izena ematen duten umeak hartzen dituztela, «inor ere baztertu gabe».

Puntako kirol taldeek ere badituzte horrelako eskolak. Fundazioen bidez funtzionatzen dute. Osasunarenak, adibidez, 5 urteko umeak ere hartzen ditu. Astean behin edo bi aldiz entrenatzen dira, eta atezain postuan jokatu nahi duten umeentzat aparteko eskolak ere eskaintzen dituzte. Partidak ere jokatzen dituzte 5 eta 10 urte bitarteko umeek, «norbanakoen eta taldearen hobekuntza» dutelarik helburu. Lehen taldeko futbolariak ere joaten zaizkie tarteka, hitzaldiak ematera.

Sosez larri dabiltzan garaiotan, diru iturri dira horrelako eskolak futbol taldeentzat. Osasunak berak, adibidez, astean behin entrenatuta, 245 euro kobratzen du urteko; bi lan saio badira, 315 euro.

Lehiak ere sortu izan dira taldeen artean. Gipuzkoan, esaterako, urteetako kexua izan zen Athleticek oso gazterik eramaten zituela jokalari gaztetxoak entrenatzera, gero talde hartan jarrai zezaten. Gipuzkoan bertan badira, halere, gisa berean aritzen diren klubak.

Klubak eta ikastetxeak

Jaurlaritzako ordezkariak aitortu du maiz «kontrajarrita» daudela klub batzuen jarduna eta umeen kirolak izan beharko lituzkeen xedeak. «Kirolariak lortzea da talde batzuen helburua». Leizaolak uste du normala dela helburu ezberdinak edukitzea —«logikoa eta naturala da»—, eta azaldu du interes horiek «orekatzea» dela diputazioaren zereginetako bat.

Eskola kirolean bide bat baino gehiago jartzen dute aukeran, asmo ezberdin horiek uztartze aldera. Gipuzkoako Aldundiak, adibidez, hiru bide ditu: hastapenekoa —parte hartzea du helburu—, errendimenduan hastekoa —kirol helburuetara bideratua—, eta talentudunak eta etorkizuneko kirolariak identifikatzeko bidea.

Eta, tarte horretan, lehiak sortzen dira taldeen artean, jokalari onenak nork izango. Antiguokoren jarduteko modua maiz jarri dute auzitan. Zigorrak ere askotan jarri dizkiote. Ligako azken fasetik bota berri du talde hori Gipuzkoako Diputazioak, baimenik gabe Espainian partidak jokatzera joan zelako umeekin. Zigorraren kontra, auzitara jo du taldeak.

Urbietak azaldu du kirol eskola batean aritzen diren gaztetxoak eskola kirolean ere izena emanda egoten direla. Bi partida astebururo. «Larunbatean eskola kirola; igandean, kluba. Partida gehiegi jokatzen dituzte, askotan arauak bete gabe». Haurrek gustura joaten direla esaten dute. «Noski. Erraza da haiek erakartzea. Baina benetan hori komeni al zaie?».

Eskolaren eta kluben arteko lotura udalek egin behar dutela dio Urbietak. Erlazio zaila dela aitortu du Urkiolak, Jakintza ikastolakoak: «Gure helburua ez da irabaztea. Jokalari on bat ateratzea baino askoz garrantzitsuagoa da ahalik eta gehienek parte hartzea. Eskolak eta klubak elkartzeko puntua aurkitzea oso zaila da».

Banaketa horrekin ez da ados Antiguokoko ordezkaria. «Azkenean, eskola guztiak dira klubak, eta ez dago arazorik». Badaude aldeak. Salegik esan du dozenaka ume hartzen dituztela taldean. Baina zer gertatzen da federatzeko garaia iristean? «Egia da federatzean gutxiago geratzen direla». 12 bat urterekin gertatzen da.

Horren kalteaz ohartarazi du Urbietak: «Ixten joaten dira ateak, eta erdiek kanpoan geratu behar dute». Aukera hori itxita, gehienek utzi egiten dute kirola, adin horretan zaila baita beste kirol bati ekitea. Nesken kasuan oso nabaria da. Emakundek badu ikerketa bat. Datu argigarriak azaleratu zituen: eskola kirolean hamarretik lau dira neskak; kirol federatuan, berriz, hamarretik bi.

Neskak kirolera hurbiltzeko ahalegina ari da eragina izaten. «Aspaldi ari gara, eta %90eko parte hartzea dugu; neska eta mutil, ez dugu alderik nabari», esan du Urkiolak. 13-14 urte egitean, ordea, azkarrago uzten dute neskek. Urbieta: «Batzuek diote talde mistoak hobe direla; besteek, ezetz, mutilak tartean badaude neskek gutxiago parte hartzen dutela...». Klubetan, talde mistorik apenas den, eta neskenak ere, gutxiago. Antiguokok ez du. Leku faltarekin lotu du presidenteak.

Baliabide faltarekin kexu da Salegi, eta gehiegizko kontrolarekin ere bai. Salatu du beste kirol batzuetan futbolean baino umeago hasten direla —tenisa eta igeriketa aipatu ditu—. «Eta aldundiak beste aldera begiratzen du».

Istiluak partidetan

Tentsioa nabari da hizketan. Baita partida batzuetan ere. Orain bi aste, Ertzaintzak esku hartu zuen Derion (Bizkaia), epaileak deitu ostean. Haurren mailako partida zen —12-13 urte—, eta, norgehiagoka amaituta, eztabaidan hasi ziren bi taldeetako zale batzuk. Partidan ere gorabeherak izan ziren: epaileak aktan azaldu zuen entrenatzaileetako batek iraindu egin zuela —hark ukatu egin du; esan du «ohar batzuk» egin zizkiola—. Taldeetako batek azaldu du bi mutiko erietxera eraman zituztela, ustez aurkariek zaurituta.

Egoera kezkatzekoa dela aitortu dute erakundeek. «Tristea da», esan du Redondok. Baina aitortu du kirol arautegian ezin dutela diziplina neurririk sartu publikoan daudenen aurka. Txartel beltza jarri du Bizkaiko Aldundiak: jarrera desegokia dutenei ateratzen diete, izan jokalari, entrenatzaile edo ikusle. «Oraingoz hiru aldiz atera dute, 3.500 partidatan. Kezkatuta gaude, noski, baina datuak testuinguruan ikusi behar dira», esan du Kirol zuzendariak.

Profesionalen partidak dirudite batzuek, tentsioa ikusita. «Guraso batzuk, batez ere aitak, lehen mailako partida batera bezala joaten dira umeen partidetara, batez ere mutikoak direnean. Galtzea porrot gisa ikusten dute, ez galtzen ere jakin behar dela transmititzeko bide gisa». Marian Ispizua soziologoa Kirolalde kiroleko indarkeriaren kontrako batzordeko kidea da. Ohartarazi du epailea iraintzea eta horrelakoak normaltzat hartzen direla —«justifikatu ere egiten dira, tentsioa askatzeko dela esanez»—, eta mehatxuak eta oihuak datozela gero.

Partida gehienetan gorabeherak ez dira gehiagora joaten, baina guztiek ikusi dute noizbait tentsio uneren bat. «Denek uste dute eurak direla entrenatzailerik onenak, eta tentsio handia sortzen da», azaldu du Salegik. Haurren kirolari zein ikuspegirekin heldu, giltza hori dela uste du Urbietak: «Lasaitasuna eskatu behar zaie gurasoei. Zer premia dago 9 urterekin kirol bat menderatzeko?».

Heziketa da giltza. Umeena eta gurasoena. «Eta begiraleena. Gazteak dira gehienak». Prestakuntzaz kezkaturik, aplikazio bat garatzen ari da Eskola Kirolaren Aldeko Plataforma —hango kide da Urbieta—. Tentsioa. Lehia. Liskarrak. «Ikusarazi behar dugu eredu hau ez dela ideala, aldatu egin behar dela. Gozatzeko izan behar du kirolak», berretsi du Ispizuak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario